Kaixo, ni naiz, zure bizitzako lehenengo egunetatik zure
alboan dagoena, komunikatzen lagundu zizuna. Hasierako egunetan esaten
zenituen astakeriak zuzentzen zizkizun inguruko jendeak, nire arauen
arabera, eta nahiz eta jendeak barre egin, txikia zinenez onartuta
zeuden zure ahotik ateratako hitz alrebesak. Helduekin beste zerbait
gertatzen zait, oso nahasia naiz eta maite nautenek ez dute nirekiko
akatsik onartzen, dena zuzentzeko joera dute, eta honek pertsona asko
nitaz lotsatzea ekarri du.
Zuzenketak eta lotsak tarteko, denboraren poderioz nigandik
urruntzen joan da jendea, eta niganako konfiantza albo batera uzten
hasi. Zoritxarrez honela galdu dut prestigioa ,eta ziur nago, guztiok
errespetatu eta maitatuko bazenidate, orain indartsua izan eta harro
hitz egingo zenuketela nitaz.
Zure ahotik atera nahi dut, zure pentsamenduetan sortu,
munduan ezagun bihurtu, bihotz guztietara lotu, txikitik handira joan,
jendea ni maitatzera motibatu, letra guztiekin jolastu, neure arima
kalean usaindu eta neure erritmora dantzatu. Maitatu egin nahi dut,
xuxurlatu, lagundu, haserretu, ligatu, borrokatu, zoriontsu sentitu, eta
herri baten nortasunaren zati izateaz gain, herriko norbanako bakoitzak
niri nortasuna ematea nahi dut.
Zaren bezalakoa nahi zaitut, onartzen zaitut eta maite
zaitut. Niri ahoz-aho ibiltzea gustatzen zait, hitzek bizitza ematen
didate eta zaila naizela esaten duten arren, ezagutzea merezi duen
bihotz handia daukat nire sustrai luzeen artean, beraz, ziur nago nik zu
maitatzen zaitudan moduan zuk ere maite nazakezula.
Amaitzeko, mesedetxo bat eskatu nahi dizut; ez dakit
hiltzen ari naizen edo ez, baina bizirik jarraitu nahi dut denbora luze
batez, beraz gauza bakarra esango dizut: zakarretara bota behar banauzu
gehiegi erabili izanagatik izan dadila.
Aldez aurretiko eskerrak irri batez,
Euskara.